logo

Jarduerak


Denetatik

· Talde-dinamikak
 
· Jolasak
 

Atal honetan bi motatako ariketak aurkituko dituzu. Batetik, talde-dinamikak daude eta ikasitako kontzeptuak ikaskideen artean lantzeko ariketak izango dira. Bestetik, jolas interaktiboak daude, modu dinamikoan ikasitako edukiak bikote-bikote, gurutzegrama eta puzzlea bezalako jolasekin uztartzeko asmoz.




















 

Kalez kale

Webgune honetan aurkeztu dugun metro-linea asmatua bada ere, edozein herritako mapa edo planoa hartzea nahikoa da gure herriko zenbat kalek dauzkaten emakumeen izenak ohartzeko.

Horretaz jabetzeko ariketa bat egingo dugu. Hona hemen azalpena:

Google Maps aplikazioa irekiko dugu eta bertan gure herriaren kokapena bilatuko dugu. Behin hori eginik kaleei erreparatuko diegu eta ikusi zenbat kalek dauzkaten emakume-izenak. Aurkitutako emakume-izen guztiekin, gure metro-linean bezalaxe fitxa bat irekiko diogu bakoitzari eta honako informazioa gehituko diogu: izena, jakintza-arloa, jaiotze- eta heriotza-data, ibilbide profesionalaren laburpena eta beste motako informazioa (linkak, argazkiak). Informazio egokia topatzeko informazio-iturri ugari erabili beharko ditugu: Internet, ikastetxeko liburutegia, egunkariak...

  • Adina: 12etik aurrera.
  • Lekua: Ikastetxean.
  • Beharrezko erremintak: Google Maps, papera, arkatza.
  • Antolakuntza: Jolasaren azalpena: 4-5 kideko taldetan antolatuko gara.
 
 

Denboraren poderioz

Ariketa honetan gure herriko emakumeen denbora-lerro bat osatuko dugu, modu horretan, oso modu errazean garaiz garai gure herriko emakumeen ibilbidearen irudia erakutsiko dugu.

Timeline edo denbora-lerroa kronologikoki ordenatutako gertakizunen irudikapen grafikoa da, eta gertakizun horien arteko denbora-erlazioa bistaratzea ahalbidetzen du:

Denbora-lerro bat egiteko, honako urrats hauek emango ditugu:

  • Adina: 12 urtetik aurrera
  • Lekua: ikastetxean bertan
  • Beharrezko erremintak: koadernoa, arkatza eta Tiki-Toki web-aplikazioa
  • Antolakuntza eta ariketaren azalpena:
    • 4-5 kideko taldetan antolatuko gara.
    • Denbora-lerroaren izenburua definituko duzue, beti ere, lantzen ari zareten gaian oinarrituta.
    • Herriko emakume aipagarrien zerrenda bat egin eta garai ezberdinetan banatu. Saiatu, guk egin dugun bezala, jakintza-arlo bakoitzetik emakume bat aukeratzen.
    • Webguneko emakumeekin sortutako eskema-egitura berari jarraitu diezaiokegu: emakumearen izen-abizenak, jaiotze- eta heriotza-data eta lekua, ibilbide profesionala, argazki bat eta, baldin badu, informazio gehigarria.
    • Behin aurreko lanak eginak dituzuela Tiki-Toki aplikazioa ireki, bertan izena eman eta erabiltzaile-izenarekin saioa hasiko duzue. Datuak aukeratutako programa edo web-zerbitzuan txertatzen hastea besterik ez zaizue geratzen!

Oharra: Tiki-Toki aplikazioa erabiltzea oso erraza den arren, Youtuben daukazue Tiki-Toki aplikazioa euskaraz ikasteko tutoriala, pausuz pausu eta oso modu errazean tresna horren erabilpena erakusten duena.

 
 

Emakumeen izenean

Herriko edo hiriko kale-izendegia hartzea besterik ez dugu, jabetzeko kale eta plaza gutxik daukatela emakume baten izena. Jarduera honetan herriko udalari proposamen bat egingo diogu: herriko kale, plaza edo parke bati esanguratsua eta aitzindaria izan zen emakume baten izena jartzea.

Ariketa hori taldeetan edo denon artean egin dezakegu.

  • Adina: 12 urtetik aurrera
  • Lekua: ikastetxean bertan
  • Beharrezko erremintak: koadernoa, arkatza eta Interneteko sarbidea.
  • Antolakuntza eta ariketaren azalpena:
    • Denen artean, esanguratsuak eta aitzindariak izan ziren emakume-zerrenda bat osatuko dugu. Ondoren zerrenda horretatik bakar bat aukeratu eta hari buruzko informazioa jasotzen hasi. Lan horretarako Internet ez ezik, liburutegiko materiala eta egunkariak ere erabil ditzakegu.
    • Informazioa jasoa dugula gutun bat idatziko diogu herriko udalari zuzendua emakume hori kale-izendegirako proposatuz.
    • Gutun formal bat idazteko, irakasleari eskatu laguntza.




















 

Jolas interaktiboak:

Irudiekin edo kontzeptuekin bikoteak osatzeko jarduera-mota horien bitartez ikasleek aurretik ikasitako guztia jolas interaktiboen bitartez praktikan jartzeko aukera izango dute.

>> Bikote-bikote <<


Dena irakurri duzue, ezta? Ea horrela den. Testuan barrena ageri diren hitzak nahastu egin ditugu (pertsona izenak, lekuak, kontzeptuak, ...) eta ea asmatzen duzuen zein diren.

>> Ezkutuko hitza <<


Historian zehar emakume langile asko izan ditugu gure artean, hona hemen horren eredu bikaina. Begiratu ondo argazkiari ea gero osorik betartzen duzuen.

>> Irudi mugikorra <<




















 
Igo