logo

Historia


Historia

· Kasilda Hernáez

· Polixene Trabudua

· Oneka Durr

· Dolores Ibárruri

· Katalina Erauso Pérez de Galarraga

· Pilar Careaga Basabe

· María Díaz Harokoa

· Julia Álvarez Resano

· Martina Ibaibarriaga

· Kattalin Agirre

· Joana III.a Albretekoa

· Josefina Olóriz Arcelus

Gaur egun herrialde gehienetan emakumeek boto-eskubidea dute, eta bozka bidez kargu politiko eta publiko baterako aukeratuak izan daitezke, baina hori, noski, ez da beti horrela izan.

Frantziako Iraultzaz gero eskuratutako eskubide urriak kenduta, XIX. mendera arte ez zuten emakumeek ondasunik eduki ezta oinordekotzarako, botoa emateko edo kargu publikoetan aritzeko aukerarik. Seme-alaben gaineko eskubiderik ere apenas zuten. Helburu horiek lortzeko industrializazioak zerikusi handia izan zuen, emakumeak etxea utzi eta lantegietara joaten hasi baitziren, edozein lan egiteko gauza zirela erakutsiz.

Lehen bi talde sufragistak (hau da hauteskundeetan emakumeen boto-eskubidea aldarrikatzen zutenak) 1865ean sortu ziren, bata Britainia Handian eta bestea AEBn, baina emakumeen boto-eskubidea onartu zuen lehen herrialde independentea Norvegia izan zen, 1913an. Urte batzuk lehenago Finlandiak ere hala egin zuen, baina errusiar Inperioaren zati zelarik. Hau da, emakumeen bozkatzeko eskubidea lortu zuten lehen herrialdeak ez ziren izan talde sufragista indartsuak zituztenak. Edozein modutara, emakumeen aldarrikapenak lehen emaitzak ematen hasi ziren.


Clara Zetkin
Clara Zetkin
Sufragistak
Sufragistak

Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Biltzarrak, Kopenhagen bilduta, emakumezko guztien sufragio unibertsalaren aldeko aldarrikapena berretsi zuen 1910eko abuztuan eta, Clara Zetkin alemaniarraren proposamenari jarraituz, martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Biltzar horretan boto-eskubidea ez ezik, bestelako funtsezko eskubideak ere aldarrikatzen ziren, hala nola, kargu publikoak betetzeko eta lan egiteko eskubidea, hezkuntza-eskubidea eta lanean diskriminaziorik ez pairatzeko eskubidea. Hau da, erabakiak hartzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten, parte-hartze aktiboa, berdintasun egoeran, formakuntzaz eta independentziaz, hain zuzen ere.

Estatu Batuetako Konstituzioak emakume eta gizonezkoentzako boto-berdintasuna 1920an onartu zuen; Britainia Handian 1929an, eta Alemanian Lehen Mundu Gerra amaitzean; Italian Bigarren Mundu Gerraren ondoren eskuratu zen, eta Espainian 1931. urtean, Errepublikaren garaian. Gezurra badirudi ere, Suitzan 1974an lortu zuten; Lienchesteinen, 1984an; Hego-Afrikan, 1994an; Afganistanen, 2003an; Kuwaiten, 2005ean…

Euskal Herrian emakumearen egoera gizonezkoarenarekin berdintzeko lehendabiziko saioak XX. mende-hasierako Bilboko mugimendu sozialistaren barruan gertatu ziren. Borroka-ekintzetan gauzatu zen, teorian baino gehiago. Mende-hasierako greba askotan emakumeek garrantzi berezia izan zuten —Irungo emakume pospologileak (1903); Bilboko esnezaleak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)—. Lehen Mundu Gerraz gero, Irakasle Eskolak emakumeentzat ere ireki zirenean egin zuen emakumeak sarrera bizitza publikoan. Kultura-munduan lekua hartu zuen: María de Maeztu pedagogoa, Euskaltzaindiko urgazleak, etab. 1926an Primo de Riverak emakumezko zinegotziak onartu zituen (Irun, Bilbo, etab.). Espainiako Errepublikako Konstituzioak onartuta, euskal emakumeek 1933ko azaroaren 5eko Euskal Autonomia Estatuturako hauteskundeetan eman ahal izan zuten botoa lehenbizikoz. Frankismoa heltzean, guztiz desagertu zen mugimendu feminista eta, Europako beste leku askotan bezala, 1968ko udaberrian piztu zen berriro. Urte horretan eratu ziren lehenbiziko elkarte feministak ezkutuan, ezkerreko gazte taldeekin lotuak.

Malala Yousafzai
Malala Yousafzair
Victoria Kent
Victoria Kent

Ordutik hona emakumeek eremu publikoan espazioa irabazi dute: erabakiak hartzeko prozesuetan eta zuzendaritza-postuetan emakumeen partaidetza hazi egin da. Politikan ere, emakumearen ordezkaritza politikoa nabarmena da. Horrekin guztiarekin, orain arte hain ikusezina izan den emakumearen parte-hartzea historiako hainbat arlotan ikusgai izatea lortu da. Ez dago atzera bueltarik. Historia gizonezkoek eta emakumezkoek idatziko dute hemendik aurrera!











Kasilda Hernáez

 

Miliciana (Zizurkil, 1914 - Biarritz, 1992).

Emakume anarkista eta feminista izan zen. Fraisoro etxean jaio zen bere ama ezkongabea baitzen baina Donostiako Egia auzoan hazi zen. 1931. urtetik aurrera Juventudes Libertarias taldean parte hartu zuen. 1934. urteko greban atxilotua izan zen propaganda egiteagatik eta lehergailuak edukitzeagatik. Espetxera joan zen 1936. urte arte. Espainiako Gerra Zibilean Aiako Harriaren eta Sanmartzial mendiaren defentsan hartu zuen parte, baita Aragoi frontean eta Bartzelonako defentsan. Gerra galduta, erbestera jo zuen Frantziara, non faxismoaren kontra erresistentziarekin elkarlanean jardun zuen.


+ Bizitza


Kasilda


Kasilda Hernaez






















Katalina Erauso Pérez de Galarraga

 

Moja, soldadua eta idazlea (Donostia, 1585 - Cuitlaxtla, Mexiko, 1650). Moja Alfereza esaten zioten.

Bere garaian ohikoa zen bezala, lau urterekin komentu baten sartu zen, baina bere izaera ez zen batere egokia erlijio-bizitzarako eta hamabost urterekin ihes egin zuen. Gizonezko jantzirekin eta izenarekin bizi egin zen urte batzuk Espainian eta 1603. urtean Amerikara abiatu zen.

Amerikan hainbat lanetan ibili eta gero, armadan sartu zen eta indiarren kontrako borroketan nabarmendu zen. Bestalde, bere joera erasotzailearengatik arazo larriak eduki zituen, ondorioz kartzelatua izan zen, eta azkenik heriotza zigorra ezarri zioten. Zigor hori saihesteko asmoarekin bere benetako sexua aitortu zuen.

Handik aurrera ospe handia lortu zuen, erregeak zein Aita Santuak harrera egin zioten eta bere memoriak idatzi zituen.

Hainbat eleberritan eta pelikulatan adierazten da bere bizitza.


+ Bizitza

+ Bizitza


Katalina de Erauso


Katalina de Erauso


Katalina de Erauso






















Julia Álvarez Resano

 

Politikaria (Villafranca, 1903 - Mexiko Hiria, 1948).

Lanbidez irakaslea izan arren, politikan ibili zen gaztetik. Hasieran Partido Republicano Radical Socialistaren kidea izan zen eta gero PSOEn eta UGT sindikatuan esku hartu zuen. 1933. urtean kongresurako hauteskundetara aurkeztu zuen bere burua; halere ez zuen lortu diputatua izatea. Berriz, 1936an hautatua izan zen eta kongresuan Frente Popularreko diputatua izan zen.

Gerra Zibila hasita, Ciudad Realeko Gobernadore zibila izendatu zuten, kargu hori jasotzen zuen lehenengo emakumea izanik. Zortzi hilabetez ibili zen gobernadore lanetan, baina senarraren gaixotasunaren ondorioz utzi egin behar izan zuen. Gerra galduta Frantziara joan zen eta beste erbesteratuak handik Amerikara joaten lagundu zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza




Julia Alvarez Resano






















Oneka Durr

 

Iruñeko Erresumako printzesa (IX. mendea).

Orti I.a Gartzez erregearen alaba zen. Kordobako Emirrak aita harrapatu zuenean Onekak berak lagundu zuen Kordobara, nahiz eta ez dakigun bere kabuz edo atxilotua joan zenik. Hogei urtez bizi izan zen Kordoban eta Emirraren semearekin ezkondu zen. Berarekin seme bat eta bi alaba eduki zituen. Semearen hilketa ostean Abd ar Rahman III.a biloba Kalifa-herriaren buru bihurtu zen. Kalifaren amona ez ezik, bere ama ere, Muzna izenekoa, euskalduna zen.

Onekarena salbuespena izan zen, printzesa kristau eta agintari musulmanen arteko ezkontzak eskasak izan baitziren.


+ Bizitza


Kasilda


Oneka Durr






















Dolores Ibárruri

 

Pasionaria (Gallarta, 1985 - Madril, 1989).

Errepublika eta Gerra Zibila garaian politikari erabat nabarmena eta Euskal Herriko ezagunetarikoa izan zen.

Meatzarien giroko familiaren baitan jaio eta hazi zen Dolores, non pobrezia eta bizi-baldintza gogorrak gailentzen ziren. Hogei urte zituenean Alderdi Sozialistaren kide batekin ezkondu zen, eta handik aurrera langileen mugimenduari hurbildu zitzaion. 1919. urtetik aurrera komunismo-ideologia aldera bidea hartu zuen. Bizkaiko lehen talde komunista eratzen parte hartu zuen 1920an, eta Espainiako Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten 1930ean.

Bere aktibismoak espetxera eraman zuen bi aldiz 1931. eta 1933. urtetan. 1936an Asturiasetiko diputatua aukeratuta izan zen. Militarren altxamenduak geroztik bere karisma areagotu zuen, Gerra Zibilean zehar faxismoren kontra emandako diskurtsoek erresistentziaren sinbolo bihurtu baitzuten.

Gerra Zibila eta gero erbesteratu zen Sobietar Batasunean, 1977. urtean bueltatu zen Espainiara eta berriro diputatu aukeratua izan zen, baina osasun-arazoak zirela medio politika aktiboa utzi zuen.


+ Bizitza

+ Bizitza

+ Bizitza


Dolores Ibarruri


Dolores Ibarruri





















María Díaz Harokoa

 

Bizkaiko andrea (1270 - 1342).

Ona ezizenaz ezaguna izan zen. Bizkaiko jaurerriaren lehenengo andrea izan zen. Behin baino gehiagotan utzi behar izan zuen jaurerriaren agintea; izan ere, familiako gizonen interesek lehentasuna baitzuten.

Bizkaiko interesak defendatu zituen, batez ere Gaztelako monarkiaren aurrean. Bilboko hiri-gutuna 1310ean berretsi ez ezik pribilegio batzuk ere gehitu zituen. Esate baterako, Gaztelatik zetozen merkantziak derrigorrez Bilbotik pasa behar zuten, ondorioz Bilboko komertzio-jarduera ikaragarri hedatu zen.

Bestalde, Portugalete (1322), Lekeitio (1325) eta Ondarroa (1327) hiribilduak fundatu zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza




María Díaz Harokoa






















Polixene Trabudua

 

Euskal hizlari abertzalea (Sondika, 1912 - Zeberio, 2004).

Polixeneren lanbidea irakaslea zen, Sondikako eskolan klaseak ematen zituen eta berak ezarri zuen euskara eskola hartan; gainera, Eusko Gaztediko kideentzat euskarazko klaseak eman zituen gauez.

Dena den, Polixene ezagutzen dugu mitinlari trebea eta sutsua izateagatik. Abertzaletasunarekin konpromiso handia eduki zuenez eta Emakume Abertzale Batzako kidea izan zenez, Lauaxeta idazleak konbentzitu egin zuen bere lehenengo mitina emateko, Urduñako batzokiaren inaugurazioan, hain zuzen ere. Handik aurrera abertzaletasunaren alde hizlari ezagunetariko bat izan zen. Bere jardueraren ondorioz espetxeratua izan zen 1933. urtean. Gerra Zibila bukatu ostean familia osoa Venezuelan erbesteratu zen.

Errepublikaren garaian Polixenez gain, beste emakume abertzaleak hizlari gisa hasi ziren, esate baterako María Teresa Zabala edo Haydée Agirre.


+ Bizitza

+ Bizitza


Kasilda


Polixene Trabudua


Polixene Trabudua






















Pilar Careaga Basabe

 

Politikaria (Madril, 1908 - Madril, 1993).

Goi mailako familian jaioa, Pilar izan zen ingeniaritzaren lizentziatura lortzen Espainiako lehen emakumea, baita tren-makina bat gidatzen lehen emakumea ere.

Gaztetan hasi zen politikan eta Gerra Zibilaren garaian frankisten alde egin zuen lan; ondorioz, agintari frankistek kondekorazioak eskaini zizkioten gerra bukaeran.

1969. urtetik 1975. urtera bitartean Bilboko alkatea izan zen, frankismo-garai hartan alkate izendutako lehenengo emakumea izan zen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Pilar Careaga




Pilar Careaga






















Martina Ibaibarriaga

 

Militarra (Berriz, 1788 - Oña, Burgos, 1849).

Frantziar armadak Bilbo menperatu zuenean Martina gerrillan parte hartzea erabaki zuen. Kondairak gerrillan sartzeko gizon-itxura hartu zuela dion arren, baieztapen hori ez da zuzena; izan ere, Martinak ez zuen inoiz izkutatu emakumea zela.

Gerrillaren talde baten agintea izan zuen eta gero Longa militar ospetsuarekin borrokatu zuen. Gasteizko batailan parte hartu zuen.

Guda ostean Erregeak “ohorezko kapitain” izendatu zuen.


+ Bizitza




Martina Ibaibarriaga






















Kattalin Agirre

 

Frantses erresistentziako kidea (Sara, 1897 - Ziburu, 1992).

II. Mundu Gerra aldian nazien kontra antolatutako erresistentzian parte hartu zuen. Batez ere, Cómete Sarean oso lan esanguratsua burutu zuen. Sare horri esker hegazkinlari aliatu askok okupatuta zegoen lurraldetik ihes egitea lortu zuten. Kattalinek eta bere alabak pilotuak ezkutatzen zituzten euren etxean, eta handik, mugalari baten laguntzaz muga gurutzatzen zuten.

Gerra amaitu ostean hainbat ohore jaso zuen gobernu aliatuen partetik.


+ Bizitza

+ Bizitza




Kattalin Agirre


Kattalin Agirre


Kattalin Agirre






















Joana III.a Albretekoa

 

Nafarroako erregina (Saint-Germain-en-Laye, 1528 - Paris, 1572).

Bere aita hil zenean Nafarroako erresumaren jabetza hartu zuen, baita beste lurralde batzuena ere (Baigorri, Biarno, Foix, Albret…).

Joana protestantismoa ezarri zuen bere lurraldeetan. Hori zela medio, gerra erlijiosoa piztu zen eta bere erreinaldi osoan liskarrak izan zituen, batez ere Pariseko monarkia katolikoarekin.

Erreforma erlijiosoa bultzatzeko hainbat idazlan argitaratzea eta itzultzea bultzatu zuen; hain zuzen ere, Joanes Leizarragari eskatu zion Itun Berria euskaratzea.


+ Bizitza

+ Bizitza




Joana III.a Albretekoa


Joana III.a Albretekoa


Joana III.a Albretekoa






















Josefina Olóriz Arcelus

 

Politikaria eta irakaslea (Mar del Plata, Argentina, 1894 - ?).

Gaztetan Donostiara bizitzera joan zen eta hiri hartan irakasle moduan lan egin zuen Escuela Normal de Maestras delakoan.

Primo de Riveraren Diktadura-garaian politikan ibili zen. 1925. urtean hura eta Carmen Resines Donostiako udalaren zinegotzi izendatuak izan ziren. Hain zuzen ere, Espainian kargu horretarako izendatutako lehen emakumeak izan ziren. Era berean, urte batzuk geroago alkateordea izatera heldu zen. Gainera, Primo de Riverak konstituzio berria garatzeko antolatutako biltzarrean parte hartu zuen.

1936. urtean Gipuzkoako Hezkuntzako Ikuskatzailea izan zenean, errepresioarekin kolaboratu zuen. Ildo horretan, errepublikanoak eta nazionalistak ziren irakasleak irakaskuntzatik bota zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza




Josefina Oloriz

Egilea: Pascual Marin























Erantzun galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!
 

1. Zein izan zen emakumeen boto-eskubidea onartu zuen lehen herrialdea?
  Garai bateko Sobietar Batasuna izan zen, 1914an
  Norvegia izan zen, 1913an
  Britainia Handia, 1929an
2. Non ospatu zen Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Biltzarra 1910ean?
  Danimarkan
  Kopenhagen
  Bi erantzunak zuzenak dira
3. Mende-hasierako greba askotan emakumeek garrantzi berezia izan zuten, adibidez...
  Irungo emakume pospologileak (1903); Bilboko esnezaleak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)
  Irungo emakume pospologileak (1903); Donostiako zigarrogileak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)
  Errenteriako gozogileak (1903); Bilboko esnezaleak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)
4. Non erbesteratu zen Gerra Zibilaren ondoren Dolores Ibárruri politikaria?
  Kuban
  Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean
  Polonian
5. Kasilda Hernáez, 1931tik aurrera zein taldetan hasi zen parte hartzen?
  Juventudes Libertarias taldean
  Juventudes Socialistas alderdian
  Juventudes Comunistas alderdian
6. Zer izan zen Cómete Sarea?
  Hegazkinlari aliatuak okupatua zegoen lurraldetik ihes egiten laguntzen zuen sarea zen.
  Iheslari aliatuak okupatua zegoen lurraldetik ihes egiten laguntzen zuen sarea zen.
  Hegazkinlari kamikazeak aliatuen lurraldetik ihes egiten laguntzen zuen sarea zen.
7. Pilar Careaga Basabe alkate izendatu zuten frankismo-garaian. Zein hiriko alkatea izan zen Pilar?
  Donostiako alkatea
  Gasteizko alkatea
  Bilboko alkatea
8. Joana III.a Albretekoak Joanes Leizarragari enkargu bat eman zion. Zer izan zen hori?
  Itun Berria eguneratzea
  Itun Berria euskaratzea
  Erreforma erlijiosoko idazlanak argitaratzea
9. 1925. urtean Donostiako udaleko zinegotzi izendatu zuten:
  Carmen Resines
  Josefina Olóriz Arcelus
  Bi erantzunak zuzenak dira.
10. Martina Ibaibarriagak gerrillan sartu ahal izateko gizonez jantzi behar izan zuen.
  Baieztapena zuzena da.
  Baieztapena ez da zuzena.

      Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak:


 

Galdetu zuen amonei noiz bozkatu ahal izan zuten lehen aldiz.


Hemen duzu Rosa Parks-en biografia laburra. Ikus ezazu gelakideekin eta aztertu garaian zer suposatu zuen ekintza hark.

Igo