logo

Emakumeak bidean guneak emakumeek historian egindako borrokak ezagutzera eman nahi dizkie ikasleei, eta agerian utzi nahi du emakumeek historian zehar eta hainbat jakintza-arlotan izan duten parte-hartze garrantzitsua.

Guztiz beharrezkoa da emakumeen borrokak ahanzturatik berreskuratzea, arrazoi askorengatik; horien artean, hauek nabarmendu nahi ditugu: gure neska ikasleen erreferentziarik eza eta gure aurreko emakumeekin dugun zorra kitatzeko beharra.

Emakumerik gabe ez dago historiarik; hala, eskola curriculumeko, testuliburuetako eta ikasgeletako espazio eta denboraren erdigunean jarri behar ditugu behingoz, ez bakarrik emakumeen memoria berreskuratu behar delako, baizik eta zorroztasunik gabeko kontakizun partzial eta osatugabe batek normalizatu egin duelako, berez, bazterkeria-elementu bat dena, hots: emakumeen ikusezintasuna historian.

Horrenbestez, hemen aurkezten den webgune honek bi helburu ditu: batetik, emakumeen lan isilaz jabetzekoa eta hausnartzekoa eta, bestetik, protagonismo horretan Euskal Herriko emakumeek hainbat jakintza-arlotan izan duten papera, garrantzia eta ekarpenak azpimarratzekoa, ezagutzekoa eta balorean jartzekoa.

Hala, ikasleak emakumeek egindako lanen garrantziaz jabetu daitezen, era askotako ariketak planteatu dira: batetik, ikaslea autoebaluatzera zuzendutako testak; eta, bestetik, ikasitako guztia modu praktikoan eta tresna eta baliabide ezberdinak erabiltzera zuzenduta dauden jarduera praktikoak.

Amaitzeko, baliabide interesgarrien atalean, material ugari (filmak, film laburrak, komikiak, liburuak…) proposatu dugu, gizartea eraldatu duten borroketan emakumeek bete izan duten paperaren inguruko gogoeta sistematikoa egiteari begira.

1.- HELBURU OROKORRA

Emakumeak bidean webgunearen helburua da, batetik, emakumeek historian zehar egin dituzten borrokak ezagutaraztea eta egunerokoan egiten dituzten lanak ikusaraztea, baita dagokien garrantzia ematea ere; bestetik, protagonismo horretan Euskal Herriko emakumeek hainbat jakintza-arlotan izan duten papera, garrantzia eta ekarpenak azpimarratzea.

2.- HELBURU DIDAKTIKOAK

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunez eta desberdintasunez kontzientzia hartzea ogibidearen, kirolaren, borrokaren, aktibitatearen, eguneroko bizitzaren eta historiaren azterketatik abiatuta.
  • Orain arteko lorpen zein hobekuntzaz ohartzea, positiboki baloratuz, atzerapenak ekiditeko.
  • Jendartearen eragina eta estereotipoak aztertzea, bakoitzaren alde positiboak eta negatiboak azaleratuz, gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreala lortzeko.
  • Ikasleen autoestimua era aktiboan sustatzea, haien garapen psikosoziala indartuz, erabakiak hartzeko gaitasuna izateko.
  • Gaitasun sozialak lantzea (argudiatzea, eskatzea, nahiago duzuna adieraztea, bestelako esperientziekin enpatia agertzea…), elkarbizitza osasuntsu eta libre bat errazteko.
  • Norberaren erabakietan eragina duten hainbat faktoreen inguruan hausnarketa egitea.

3.- OINARRIZKO GAITASUNAK

  • Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
  • Informazioa lantzeko gaitasuna eta gaitasun digitala.
  • Gaitasun kulturala eta artistikoa.

4.- EDUKIAK

  • Lan-munduari lotutako kontzeptuak: greba, lansariak, pentsioak, langabezia, zaintzak…
  • Emakumeek historian egindako borrokak eta plantoak.
  • Hainbat film eta bideo ikustea.
  • Informazioaren bilaketa selektiboa.
  • Adostasunetara iristeko prozeduren garapena.
  • Giza garapenerako gizonen eta emakumeen ekarpenen azterketa.
  • Emakumeen egoereen inguruko sentsibilizazioa.
  • Elkarlanerako eta lankidetzarako jarrera.
  • Irizpide kritikoz jokatzeko ahalmena.
  • Emakumeei egokitzen zaizkien rolak.
  • Artistak eta haien obrak ezagutzea eta horiek konparatzea.
  • Emozioak identifikatzea.
  • Autoestimua hobetzeko mekanismoak.
  • Gaitasun sozialak.
  • Harremanak errespetuz eta berdintasunez ezartzea.

5.- TESTUINGURU METODOLOGIKOA

Emakumeak bidean ikasmaterialaren xede nagusia DBH guztian zehar Geografia eta Historia irakasgaien laguntzaile zuzena izatea da, hau da, era praktiko batean garatzea ahalbidetuko duen erremintekin, ikasleei emakumeek historian zehar eduki duten garrantzia ezagutaraztea. Eta emakume horiek  guztiak gertukoak ditugula probatzea. Gure herrietan eta kaleetan ere hainbat ezagutza-arlotan ekarpen handia egin duten emakumeak topatu ditzakegula.

6.- BARNE-EGITURA ETA NABIGAZIOA

Emakumeak bidean eskaintzen diren materialak barneratzeko bi bidetako planteamendua egin da: batetik, jarduerak edo ariketak burutzeko kontzeptuzko edukiak daude eta, era berean, kontzeptuzko edukiak noraino ulertu diren ikusteko modu egokia eta berehalakoa diren hainbat motatako jarduerak.

Hona hemen planteamendua:

Nabigazioaren oinarrizko elementua mapa interaktiboa da: mapa horrek hiri handietako metro-lineen eta geltokien mapa koloretsuen itxura du. Bertan, linea bakoitzak jakintza-arlo bakoitzari sarbidea ematen dio (linea urdina: literatura; linea gorria: zientziak...). Bestalde, linean bertan galdera-markaren bitartez islatzen da Badakizu atala; bertan, jorratzen den jakintza-arloaren inguruko bitxikeriak azaltzen dira.

MAPA INTERAKTIBOA

Linea bakoitzak jakintza-arlo bati erreferentzia egiten dio (linea urdina: literatura, linea gorria: zientziak, eta abar). Linea guztiek egitura bera dute:

  • Hasierako geltokia: aztertuko dugun jakintza-arloaren inguruan emakumeek jokatu duten paper historikoaren inguruko hurbilpen laburra egiten da. Orri horretan bertan, ezkerraldeko menu batean, mota askotako informazioa topatuko dugu:
    • Euskal Herriko historian zeresana izan duten 6-12 emakumeen biografiak agertzen dira. Emakume-izen bakoitzaren gainean klik eginez gero emakume horren biografiara joko dugu. Biografia bakoitzak honako egitura hau du:
      • Izen-abizenak.
      • Jaiotze- eta heriotza-data eta lekua.
      • Biografia laburra.
      • Argazkia eta/edo multimedia-bideoa.
      • Informazio gehigarria: webgunean profesional honen informazio gehigarria baldin badago bertan gehitzen da.
    • Testa: ikasitako edukien inguruko testa dago 10 galderez osatuta.
    • Zuk aztertu!: lupa batez islatua. Hauek, hausnarketarako guneak dira, taldean edo bakarka ikasleak landu eta hitz egin beharko dituenak.
    • Jakintza-arlo horretako eduki guztiak PDF formatuko fitxategian jaitsi edo inprimatzeko aukera.
  • Jakintza-arlo guztian zehar galdera-markaren bitartez islatuko den Badakizu atala dago, non jorratzen ari garen gaiaren inguruko bitxikeriak azalduko diren bertan.

Mapa guztian zehar kolore eta ikonoei garrantzi berezia ematen zaie; kolore eta ikonografiak baitira askotan webgune batean mugitu ahal izateko modu errazena. Horrela jakintza-arlo bakoitzak kolore bat hartzen du eta barruko edukiek ere kolore-tonu berdinekin jarraitzen dute. Ikonografiak berriz, zer geltoki-motatan gauden adierazten digu: galdera-markak, Badakizu atala; lupak Zuk aztertu!, etab.

Alde praktikoari dagokionez, atal bakoitzaren edukien inguruan jasoriko ezagutza neurtzeko test moduko galderak daude. Horrez gainera, ariketa guztietan norberak bere emaitzak zuzentzeko sistema dago. Beraz, ariketa horien bidez alde teorikoan jasotako ezagutzak sendotu eta hobeto ulertuko ditu ikasleak.

Testaz gain, taldean lantzeko jarduerak ere eskaintzen zaizkio ikasleari. Jarduera horien helburua ikasitako guztia praktikan jartzea da, eta horretarako hainbat tresna eta baliabide erabili beharko dira.

Emakumeak bidean ikasmaterialaren funtsezko helburua ahalik eta interaktiboena izatea da. Horretarako, erabiltzaile gaztearentzako erakargarria izan nahian edukien arteko lotura eta nabigazioa ahalbidetzen du. Elementu aktibo askorekin osaturik dago eta eduki batetik bestera nabigatzeko aukera ematen du memento oro.

BESTE EZAUGARRIAK

  • Gune guztian zehar Bilaketen leihatila erabilgarri du ikasleak. Atal horren bidez, guneko eduki guztiaren gainean bilaketak egiteko aukera dago.
  • Diseinu garbi bat sortzen saiatu gara, zuriari leku eginez eta tipografia irakurterraz bat erabiliz (sans-serif motakoa).
  • Erabiltzailearentzako ezagunak diren ikonoak baino ez ditugu erabili, webgunearen erabilera erraztuz.
  • Bestalde, ikasleak une oro eskuragarri edukiko ditu Baliabideak eta Laguntza bezalako informazio-gehigarriak.
  • Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatutakoa (PDF formatua).
  • Webgunean gora eta behera ibiltzeko, geziak ipini dira, erabiltzaileak uneoro jakin dezan non dagoen.

7.- HEZKUNTZA KOMUNITATEA

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkeztuko dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatutakoa (PDF formatua). Bertan aurkezten den eduki guztia (testuak, argazkiak nahiz etxean bertan ekoiztutako multimedia-edukiak) Creative Commons Share Alike (CC BY-NC-SA - Aitortu-Ezkomertziala-PartekatuBerdin 3.0) lizentziapean dago, edozeinek, modu librean, erabil dezan.

8.- JARDUERAK

Bertan dauden jarduera-motak honako hauek dira:

  • Testa jarduera: eremu bakoitzean testa ezarri da. Bakarka nahiz taldean egiteko. Autoebaluazioa.
  • Zuk aztertu!:  Bakarka nahiz taldean egiteko. Hausnarketara zuzendua. Ikasleek elkarri eragiteko ariketa.
  • Talde-jarduerak: Taldean egiteko ariketa.
  • Jolas-dinamikak: Bakarka nahiz taldean egiteko ariketa. Autoebaluazioa.

9.- EBALUAZIOA

Ebaluazio-irizpideak

  • Eguneroko egoerak behatzea eta aztertzea genero-osagaia kontuan hartuz.
  • Ohartzea harremanetan dauden estereotipoez.
  • Harremanetan izan behar dituzten ezaugarriek beren lehentasunak adieraztea.
  • Ezagutzea honako hitz hauen esanahia: greba, beldurra, negoziazioa, jeloskortasuna, balorazioa, errespetua, sostengua, elkarrizketa, mesprezua, berekoikeria, inposaketa, lotsa, eskuzabaltasuna, segurtasuna. Eta jakitea horietako zein diren egokiagoak bizikidetasunerako.
  • Ezagutzea askatasun eta ausardia hitzen esanahia eta haien balio baikorra edo ezkorra.
  • Emakumeek historian egindako borrokez hausnartzea.

Ebaluazio-teknikak

  • Autoebaluazioa
  • Koebaluazioa

Ebaluatzeko tresnak

  • Ikasleak egunero egindako bakarkako nahiz taldean egindako lanen jarraipena
  • Egindako lanak

Ikasleen ebaluazioa

  • Zer gustatu zaie gehien eta zer gutxien?
  • Zer ikasi dute edo zertaz jabetu dira?
  • Zerk harritu ditu gehien?
  • Zer aldatuko lukete prozesuan?

10.- BALIABIDEAK

Gaiaren inguruko liburu, film, errekurtso edo Interneten gaiaren inguruan dauden webgune interesgarriak zerrendatuko dira.

11.- KREDITUAK

Proiektuaren egileen eta parte-hartzaileen zerrenda

  • Ideia eta koordinazioa: Leire Mitxelena Erice eta Pilar Pérez Píriz
  • Jatorrizko gidoia: Leire Mitxelena Erice eta Pilar Pérez Píriz
  • Hizkuntza-aholkularitza: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Webgunea eta diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Irudi grafikoak: Andrés Espinoza Álvarez


 

Diálogo básico modal con botón de cerrado. Estilo personalizado Sunny.